ENKARKUME ::: AUKERA BERDINTASUNA
regresar a portada
Web Municipal de Balmaseda Web Municipal de Güeñes
BALMASEDAKO EMAKUMEEN ETXEA
 

DESKRIBAPENA

Hiru solairuko eraikuntza da, gela guztiak bolumen bakarrean antolatua dauzkana. Eraikina honela dago banatuta:

  • Beheko solairua: batez ere, sarrera, bulegoak, gimnasioa eta erakusketa gela daude bertan.
  • Lehenengo solairua: ekitaldi-aretoa, askotarako gela eta sukaldea dauden solairua.
  • Bigarren solairua: prestakuntza eta gaitze gelak daude.
  • Teilatupeko solairua: ludoteka eta informatika gela dauden solairua.

Horrez gain, solairu guztietan daude komunak, bero sistema eta igogailua. Azken horrek erakinean ibiltzeko erraztasuna emango die mugitzeko gaitasuna urrituta dutenei.

HELBURUAK

Emakumeen Etxea egitean helburu asko beteko da, baina hona hemen garrantzitsuenak:

Emakumeak elkarrekin egoteko etxea

Gune horretan pertsona oro onartuko da, eta aukera berdintasunarekin zerikusia duten jarduerak egingo dira.
Udal lokal horretan bilera aretoak, informazio panelak, bideoteka eta abar topatuko dituzu.

Prestakuntza eta informazio zentroa

Balmasedako emakumeak lan merkatuan sartzeko prestakuntza jarduerak burutuko dira.

Zentroaren bitartez, enpleguaren inguruko ekintza positiboko egitasmoak sortuko dira, emakumeak lan merkatuan oso-osorik sartzeko oztopoak desagerrarazteko. Era berean, emakumezko gutxiegi dagoen lanbideetan emakumeak sartzea bultzatuko da.

Haur hezkuntzako zentroa

Emakumeen Etxean Ludoteka jarriko dute, eta horrekin bi helburu nagusi beteko dira era berean: batetik, seme-alabak dauzkaten emakumeei Etxean antolatzen diren kultur jardueretara joateko aukera emango zaie, eta horrela ez dute aukeratu beharra izango: promozioa ala familia ardurak; bestetik, neska-mutilen nortasuna garatzen lagunduko da, jolasak eta jostailuak baliatuta.

Horretarako, beharrezko osagai materialak eskainiko dira: jostailuak, jolaserako materiala, jolas eremu itxiak eta abar; baina, baita jolasean aritzeko behar duten orientabide, laguntza eta kideak ere.

ACTIVIDADES

Helburu horiek guztiak lortzeko Emakumeen Udal Zentroan honako jarduerak burutuko dira:

Laguntza jarduerak

Emakumeei hainbat gairen gaineko orientazioa, informazioa eta aholkua emango zaie dohainik: familia gaiak, etxeko tratu txarrak, seme-alabentzako orientazio psikopedagokikoa, familia edo depresio arazoak dauzkaten emakumeentzat orientazio psikologikoa eta abar.

Horren haritik, hainbat profesional gonbidatuko dituzte, familia hezitzaileak, droga mendekotasun teknikariak, psikologoak eta abar, gai horiei buruzko orientazioa eta informazioa eman dezaten.

Informazio jarduerak

Gai askoren gaineko informazioa emango da: ingurumena, erosketak egiteko aholkuak, osasuna, kirola, zuzenbidea, emakumea, udal gaiak eta abar. Hau da, udalerriko emakumeen intereseko izan daitekeen edozein gai.

Prestakuntza eta hezkuntza jarduerak

Emakumeen Etxeak ikastaro eskaintza zabala planifikatuko du, lanerako prestatzeko ikastaroen eskaintza benetako enplegu eskaeraren arabera egokitzen saiatuz, eta emakumeen baldintzak, egoerak eta premiak kontuan hartuz.

Programa horiek guztiak beti jarriko dira aldi berean familia erantzukizunei erantzuteko aukera emango duten ordutegietan. Gainera, Emakumeen Etxeak ludoteka ere badu, emakumeek beren seme-alabak bertan utzi ahal izateko. Horrela, ez dute aukeratu beharrik izango: promozioa ala familia ardurak.

Bestalde, erantzukidetasunari lehentasuna emango zaio, eta horretarako, beste batzuez gain, sentsibilizazio kanpainak eta zereginak trukatzeko tailerrak antolatuko dituzte.

Jolas eta kirol jarduerak

Mota horretako zenbait jarduera egingo dira, emakumeek beren astialdia beste emakume batzuekin igaro dezaten.

Horrez gain zenbait ikastaro antolatuko dira, esaterako, saioari eusteko soinketa, yoga, dantza eta abar. Horrela, kirola egitea sustatu nahi da emakumeen artean, hori baita norbere burua ezagutzeko, osasuna hobetzeko eta gizarte harremanak ezartzeko bide egoki bat.